8. Ofiziozko jarduerak
Herritarren kexak aztertu eta ikertzeaz gain, Ararteko erakundeak, bere kabuz, hainbat gai ikertzeari ekiten dio: batzuetan, euskal administrazio publikoren batek agian oker jokatu duela iruditu zaigulako; beste batzuetan, zerbitzu berriak emateko edo laguntzeko aukera ikusi dugulako. Otsailaren 27ko 3/1985 Legeak −Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak− ofizioz jarduteko aukera xedatu zuen 17.1 artikuluan. Horri esker, Arartekoak bere kabuz esku har dezake, administrazioaren irregulartasunen edo akatsen baten ondorioz kalteturiko herritarren kexen zain egon barik.
2012an ofiziozko 69 espediente bideratzen hasi gara (74 aurreko urtean). Arloen arabera, aipatzekoak dira Haur eta Nerabeentzako Bulegoari dagozkionak, baita herritarren segurtasunaren eta ogasunaren gainekoak ere.
Antzeman daitekeen moduan, ofiziozko jardueren irekierari dagokionez, haurren eta nerabeen bulegoaren jarduera nagusitu da. Hala, ikuskapen bisitaldietan ateratako ondorioen bidez, haurren egoitza baliabideen eta familia elkarguneen gainbegiratzea burutu da (horren ondorioz gai horri lotutako gomendio orokor bat onartu da) eta arrisku egoera berezian dauden adingabeen gaineko txosten berezian jasotako gomendioan jarraipena egin da, baita Arabako hezkuntza konpentsatzailearen partzuergoaren desagerpenari buruzkoa ere.
Modu berean, herrizaingoaren arloan, izaera bereko hainbat ekimen burutu dira: Ertzaintzaren jarduerei (horietan, Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarrate heriotza eragiteraino eta larriki zaurituak izan ziren, hurrenez hurren) lotuta gauzatutakoak; Ertzaintzak eta tokiko poliziek trafikoko istripu bat izan duten eta osasun zentroetara eraman dituzten biktimen senideei ematen dieten informazioa ezagutzea helburu dutenak (horrek guztiak Arartekoaren Gomendio Orokor bat eragin du); edo Ertzaintzak eta tokiko poliziek jarraitzen duten prozedura ibilgailuak gidatu bitartean gidaria substantzia estupefazienteen edo analogoen eraginpean dagoen ala ez antzemateko proben emaitza positiboa denean; eta, amaitzeko, Ertzaintzaren terrorismoaren aurkako taldearen bideo bidezko zaintzarako grabazioen kopien jarraipenari lotutakoak.
Halaber, aipatu behar ditugu ere Ogasunaren arlotik abian jarritako ofiziozko jarduerak: hutsik dauden etxebizitzen zaborren tasari lotutakoak; etxeko langileen PFEZaren zerga tratamenduari buruzkoak; hiri izaera duten lursailen balioaren handitzeari buruzko zergan lursailaren balioaren minusbalioaren gainekoak; edo, PFEZari dagokionez, ondare irabaziaren kalifikazioa burututako etxebizitzetan, besteak beste.
Buruko osasunari eta mendekotasunari buruzko txosten berezien jarraipenaren bidez, zenbait ekimen abian jarri dira adinekoen edo buruko gaixotasun edo gaixotasun kroniko bat duten pertsonen eremuan.
(9. taula)
Ofiziozko jardueren banaketa, arloen arabera
Kop. | % | |
Haurrak eta nerabeak | 13 | 18,84 |
Herrizaingoa | 13 | 18,84 |
Ogasuna | 11 | 15,94 |
Gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak | 6 | 8,69 |
Adinekoak eta mendekotasun egoeran dauden | ||
pertsonak | 4 | 5,79 |
Osasuna | 3 | 4,35 |
Ezintasunen bat duten pertsonak | 3 | 4,35 |
Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak | 3 | 4,35 |
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak | 2 | 2,9 |
Ingurumena | 2 | 2,9 |
Hizkuntz eskubideak, kultura eta kirola | 2 | 2,9 |
Emakumeen berdintasuna eta osotasuna | 1 | 1,45 |
Espetxeratuak | 1 | 1,45 |
Justizia | 1 | 1,45 |
Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea | 1 | 1,45 |
Herri-administrazioen zerbitzuko langileak | 1 | 1,45 |
Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak | 1 | 1,45 |
Etorkinak | 1 | 1,45 |
GUZTIRA | 69 | 100 |
Izaera enblematikoa duelako, Gasteizen Green Capital delakoaren egoitza gisa aukeratutako eraikinak irisgarritasun fisikoari lotuta zituen arazoen ondorioz garatutako jarduera azpimarratu nahi izan dugu.
Horren eta ofiziozko beste jarduera batzuen gaineko informazio osatuagoa txosten honetako II. eta III. kapituluetan aurkitu daiteke, bai eta Haurren eta Nerabeen Bulegoaren txosten erantsian ere.